Japon

Japon edo euskeraz Japonia (japonieraz: 日本, Nippon edo Nihon) Ekialdeko Asiako uharte estatua da. 377.835 km²ko eremua du eta munduko hamaikagarren herrialde populatuena da. 

Munduko hirugarren potentzia ekonomikoa da eta estatu industrializatuenetakoa, hiriburua Tokio da eta bere metropoli eremua munduko handiena da.

Ozeano Barean kokatutako uhartedia da, 3.400 uhartez osatua. Iparraldean Okhotskeko itsasoa dauka, ekialdean Ozeano Barea, hego-mendebaldean Ekialdeko Txinako itsasoa eta mendebaldean Japoniako itsasoa. Lau uharte nagusi bereizten dira, iparraldetik hegoaldera: Hokkaido, Honshu edo Hondo, Shikoku eta Kyushu. Uharte menditsuak dira, sumendi jatorrikoak. Mendirik handiena Fuji da.

Japonia Ozeano Bareko Suzko Eraztunean dago, hiru plaka tektonikoren elkargunean. Hortaz, sarri intentsitate txikiko dardarak eta aktibitate bolkanikoa izaten ditu. Tsunamiak ere egoten dira.

Japoniako klima epela da, oro har, baina asko aldatzen da iparraldetik hegoaldera.

Japoniako uhartediaren aurreneko populazioak K.a. 30.000 urtearen inguruan azaldu ziren eta kultura paleolitikoa zuten. K.a. 14.000 urtean Jōmon Aroa abiatu zen. Kultura mesolitikoa eta neolitikoa hartu zituen aro honetan nekazaritza sortu zen eta zanga-etxeak eraiki ziren. Aurkitu diren keramikazko piezak munduko zaharrenetakoak dira. K.a. 500 urtearen inguruan Yayoi Aroa abiatu zen Txina eta Korean eta k.a. 300 urtearen inguruan Japoniara iritsi zen Yayoi jendea. Arroza landatzen hasi ziren eta metalurgia eta keramika teknika berriak ekarri zituzten kontinentetik. 

 

Kojiki kondairaren arabera, Jinmu enperadoreak sortu zuen Japonia K. a. VIII. mendean. V-VI. mendeetan, kaligrafia txinatarra eta budismoa sartu ziren Korean zehar edo Txinatik zuzenean, beste ohitura ugarirekin batera.

710. urtean Heijō-kyō (平城京) hiriburua ezarri zen eta Nara Aroa abiatu zen. Japoniako enperadoreek harremanak eratu zituzten Txinako Sui eta Tang dinastiekin. Haien eredua jarraituz eraiki zuten hiriburu berria eta Txinatik eta batez ere Koreatik zetozen inmigranteak hartu zituzten. Hauek budismoa ekarri zuten. 735 eta 737 artean baztanga epidemia gertatu zen eta japoniaren populazioaren herena hil zela estimatzen da.

 

Enperadoreak ziren ofizialki agintea zutenak, baina egiazko boterea jauntxo edo shogun -en esku zegoen eta hauek samurai izeneko gerlariak zituzten haien zerbitzura.

1185 urtean Genpei gerratan Tarai klana garaitu eta Minamoto no Yoritomo samuraia shogun izendatu zuen Go-Toba enperadoreak eta 1192an gobernu militar feudala ezarri zuen Kamakuran. Yorimoto hil zenean Hojo klana izan zen boterea eskuratu eta shogun dinastia bat ezarri zuena. Samuraiek budismoaren Zen eskola barneratu zuten. Kamakura shogunerriak mongolen inbasioari eutsi egin zion 1274an baina 1281ean Go-Daigo enperadoreak garaitu zituen. 1336an Ashikaga Takaujik enperadorea garaitu zuen eta Ashikaga shogunerria sortu zen Muromachin eta Muromachi Aroa abiatu zen.


XVI. mendean zehar, merkatari portugaldar, holandar, ingeles etab Japoniara iristen hasi ziren, misio kristauak sortuz. Frantzisko Xabierkoa zegoen. Elkartruke komertzial eta kulturala gertatu zen eta honetaz baliatuz Oda Nobunaga shogunak europarren suzko armak eskuratu zituen eta Japoniako jauntxoak menperatuz botere posizioa indartzeko erabili zituen. 1582an eraila izan zen eta Toyotomi Hideyoshik hartu zuen haren lekua. Hideyoshik nazioa bateratu zuen eta Korea inbaditzeko bi saiakera ere egin zituen, baina ez zuen helburua lortu.

 

Tokugawa Ieyasu Hideyoshiren semea zen eta 1600 urtean Sekigaharako guduan gainerako klanak garaitu zituenez 1603an Go-Yōzei enperadoreak shogun izendatu zuen. Tokugawa shogunerriaren hiriburua Edon ezarri zuen, gaur egungo Tokion. Misiolariez susmoak hartzen hasi zen orduan, atzerriko indarren konkista militar baten aitzindaritzat jotzen baitzituen eta babes neurri moduan, 1639. urtean Japoniak eten egin zituen atzerriko herriekiko harreman oro, Nagasaki hirian merkatari txinatar eta holandar bakan batzuekin izan ezik. Sakoku izenaz ezagutzen da, "herrialde itxia" esan nahi du.  

 

1603 eta 1868 arteko garaiari Edo Aroa esaten zaio. Aro honetan Japonia asko modernizatu zen. Errepideak eta ubideak eraiki ziren eta Osakako arroz brokerrek banketxe, seguru eta kontratuak ahalbidetu zituzten. Ikasketek ere garrantzia hartu zuten, herbeheretarrekin aurrera eramandako mendebaldeko potentzien ikasketak (rangaku) eta japoniarren nazio ikasketak (kokugaku) ere bai.

 

Bakartzeak 251 urte iraun zuen, 1854an Matthew Perry komodoro estatubatuarrak Mendebaldearekin irekitzea behartu zuen arte, Kanagawako ituna zela medio. Garai luze batez, irekitze horrek aldaketa handiak eragin zituen Japoniako gizartean. Meiji berrezarkuntzak erreforma sakonak hasi zituen 1868tik aurrera.

Sistema feudala ezeztatu egin zen eta Mendebaldeko erakundeak aukeratu, batez ere gobernu eta lege sistemak, baita ekonomikoak, sozialak eta militarrak ere. Horrela, nazioarteko indar bihurtu zen oso epe laburrean. Txina eta Errusiaren aurkako gerretan, Taiwan, Korea, Frantziar Indotxina eta beste lurralde batzuk bereganatu eta inperioa hedatu zuen.

 

XX. mendean, Japonia Alemania eta Italiarekin bat egin zuen Bigarren Mundu Gerran, Pearl Harbor base militar estatubatuarra 1941an erasoz. Estatubatuarrek Hiroshima eta Nagasaki hirien gainean bi bonba nuklear jaurti zituztenean amaitu zen gerra: Hiroshiman 90.000-166.000 hildako eragin zituen eta Nagasakin, 60-000-80.000 inguru.


1947an Showa Aroa hasi zen eta balore demokratiko liberalak zituen konstituzio berria onartu zen. Aliatuen okupazioak 1952 arte iraun zuen eta 1956an Nazio Batuen Erakundean sartu zen. Hurrengo urteetan garapen ekonomiko handia izan zuen 1990 hamarkadaren hasieran munduko bigarren ekonomia izateraino. "Mirari japoniarra" izenarekin ezagutu zen, baina 1990 hamarkadaren erdialdera burbuilak eztanda egin zuen. XXI. mendean errekuperatzen hasi zen.

2011ko martxoaren 11n inoizko lurrikara handienetakoa jasan zuen Japoniak eta hori gutxi balitz tsunami baten erruz Fukushimako zentral nuklearrak kalte handiak jasan zituen. Munduko istripu nuklear handienetakoa izan zen.

 

Japoniako hizkuntzaren transmisioa ahozkoa izan zen VIII. mendean kanji idazkera iritsi zen arte.

 

Japoniako politika eredua Monarkia konstituzionala da. Kokkai edo Dieta izeneko parlamentuaren gainean Lehen ministroak eta estatu ministroek osaturiko botere exekutiboak agintzen du. Denak zibilak dira legez. Lehen ministroa Dietako parlamentari bat izango da eta beronek aukeratzen du. Herriaren subiranotasuna parlamentuan datza eta Naruhito enperadorearen boterea sinbolikoa baino ez da.

 

Japoniako konstituzioak erlijio askatasuna bermatzen du. Populazioa batez ere budista eta xintoista da, gehiengoa sinkretista gainera, hau da, bi erlijioak betetzen dituena. Japoniako ohituretan eragin handia izan dute taoismoak eta konfuzianismoak ere. Kristauek biztanleriaren % 1 baino gutxiago osatzen dute.


Japoniak langabezia-tasa oso apala du. Ikerketa teknologikoari eta biomedikuntzari dagokionean, oso herrialde garatua da Japonia.

Japoniako sukaldaritzak oinarrizko produktuak arroz zuriarekin edo fideorekin elkartzen ditu. Horrekin batera, miso zopa eta plater nagusia (arraina, barazkia, tofua) jaten dira. Garrantzi handia dauka sasoiko produktuak jateak.


XX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, nazioarteko ospea du manga komikiak eta horren ondoriozko anime marrazki bizidunek eta bideo-jokoek.

 

Japoniako kirol nagusiak bertako borroka arte tradizionalak dira, guztien gainetik sumoa. Makuuchi izena du sumo maila gorenak eta 42 jokalarik hartzen dute parte. Onenek Yokozuna titulua jasotzen dute.


Judoa, karatea, kendoa eta aikidoa ere jende askok praktikatzen du.

  • Sumo: Yokozuna nagusiak.
  • Judo: Japoniako judo txapelketa.



No hay comentarios:

Publicar un comentario