Historia

 Historia edo Edestia, gizarte zientzien metodoak erabiliz iragana aztertzen duen zientzia da, eta bereziki gizadiaren iragana. Historia deitzen zaio halaber, idazkera sortu zenetik gaur arteko aro historikoari; horren aurreko aroari historiaurre deritzo. Historia diziplinaren helburua iraganeko gertakarien informazioaren biziraupena bermatu, oraina ulertu eta etorkizunean gerta litekeena aurreikustea da.

 

Historia hitzaren jatorria grezierako Οιδa ("badakit") hitzean oinarritzen da. Hortik Ιστορια ("ikerketa edo informazioa") eratorri zuen, eta hortik latinezko historia hitza.

Oro har, iragan guztia gertatu denetik historia dela esan baliteke ere adiera klasikoei jarraiki historia gizaki eta gizarteen denboran zeharkako joana dugu gizakia gizaki denetik edo iraganeko gertakari jakin batez geroztik, horrela historia iraganeko une batetik une honetara arte doan aroa genuke, eta historiaren hasiera irizpide subjektiboek zehazten dute.

Zenbaitentzat historia unibertsoaren beraren edo lur planetaren sortzearekin hasten da, besteentzat berriz historia gizakia bere arbasoengandik eboluzionatu ostean hasten da.

Badira historia idazkerarekin hasi zela diotenak idazkerak jakituriaren transmisioa irauli zuelako edota historiaren hasiera gertakari erlijiosoei esleitzen diotenak, adibidez zenbait kristau korronteek historiaren muga Jesukristoren jaiotzan ipintzen dute. Muga den lekuan dela ere, historia izenez aipaturiko aroaren aurreko garaiari historiaurrea deritzo eta historia bera azpi-aro anitzetan banatzen da. 

Esan bezala historiaren amaiera orainean dagoela argi badago ere historiaren hasiera zehaztugabea da, eta irizpide subjektiboen bidez lehenago hala beranduago ezarri dezakegu.


Historia beraren historia aztertuko bagenu Grezia klasikoko historialariak izango genituzke Europan behintzat, beren garaiari buruzko testigantza fidagarria uzteaz arduratu ziren lehenak. Ditugun antzinako idazkiez soilik hitz egin dezakegunez (ziurrenik dokumentu baliotsu ugari galdu baita) gaurdaino oso egoera honean iritsi direlako eta gertakariak kontatzeko moduarengatik Halikarnasoko Herodoto-ren idatziak ditugu lehenetariko testu historikoak, hori dela eta Halikarnasoko Herodoto-ri historiaren aita esaten zaio, gaurdaino iritsi zaigun Herodotoren obra bakarra Historia deitzen da hain zuzen ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario