
Aristoteles, Estagira-n (Mazedonia) K. a. 384an jaio zen eta Kaltzis-en K. a. 322an hil zen.
Grezia klasikoko filosofo eta zientzialari bat izan zen. Askoren iritziz, Platonekin
batera, mendebaldeko pentsamoldearen filosofo garrantzitsuenetariko bat
da. Bere lanek ezagutzaren arlo anitz biltzen dituzte, hala nola biologia eta beste natura zientziak, logika, metafisika, epistemologia edo ezagutzaren filosofia, etika, politika, eta estetika.
17 urte zituela Atenasera joan zen eta bertako Akademian Platonen ikasle izan zen 20 urtez. Akademian izan zen azken urteotan, erretorika irakasle gisa ere jardun zuen. Hermias hil ondoren, Mazedonia bere jaioterriko erregea zen Filipo II.a Mazedoniakoaren 13 urteko Alexandro semearen (gerora Alexandro Handia izango zena) irakasle izendatu (K. a. 343) eta horretan jardun zuen bost urtez. Ondoren, Lesbosera joan zen Teofrasto bere adiskidearekin (K. a. 337 – K. a. 335).

Filipo Mazedoniakoa hilik eta Alexandro bere semea bere konkistak prestatzen ari zela, Aristoteles Atenasa itzuli zen. Bertako Akademian, Xenokratesen buruzagitzapean Platonen pentsaera nagusi zela eta, Lizeo izeneko bere eskola sortu zuen Aristotelesek, non jakintza-arlo guztiak lantzen ziren.
K.a. 323an Alexandro Handia Babilonian hil zenean, Atenaseko Alexandroren aldeko gobernua desegin eta Mazedonia eta mazedoniarren aurkako jarrera piztu zen.
Mazedoniarra zen Aristotelesek Eubea uhartera ihes egin, bere hitzetan «Sokratesekin behin egin zuten bezala, filosofiaren aurka berriz ere bekaturik egiteko aukerarik izan ez zezaten» eta bertan hil zen hurrengo urtean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario